Hace un año (en Mayo de 2010), GAUR8, el suplemento del diario vasco GARA sacó un interesante artículo sobre Katyn (y sobre la falsificación de poner a los soviéticos como "corresponsables" de la II Guerra Mundial). BUeno, está en euskara, así que todos no podrán entenderlo, sino tirar del google translator.
Katyn: historia, arma politiko gisa
“Katyn” filmaren estrainaldiaren eta poloniar agintariek baso horretara egin beharreko bisitaldian izandako hegazkin istripuaren ostean, bertan 40ko hamarkadan ustez sobietarrek egindako sarraskia egunkarien lehen orrietara iritsi zaigu.
Jon K. Billelabeitia
2010ko Maiatzaren 21a
Sarraskia dela-eta, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren eta Estatu horrek ordezkatzen zuen komunismoaren aurka makilakadaka aritu dira batzuek. Katynen milaka preso militar poloniar hil zituzten. Sarraskia SESBk burutu omen zuen, oso-osorik. Argudio horretan, Katyngo afera 1939an SESBk Alemaniarekin elkar ez erasotzeko sinatutako itunarekin nahasten da, SESBren izaera «totalitarioa» frogatzeko: SESBk ez omen zuen lotsarik izan «Estatu txiki, bakezale eta demokratiko» bat Alemania naziarekin banatzeko, eta horrek erakutsiko luke SESBk ez zuela faxismoaren aurka borrokatu nahi, baizik eta bere «bizki totalitarioarekin» Europa banatu nahi zuela; eta azkenean faxismoaren aurka borrokatu bazuen, «kasualitate hutsa» izan zela, ez Mendebaldeak erakutsitako «nazismoaren aurkako benetako grina». Azkenean argi utzi zaigu Stalin Hitlerren parekoa zela, SESB estatu oldarkorra eta «gudaren abiarazle» izan zela, Alemania bezala, eta komunismoa eta faxismoa, «bizki totalitarioak» direla. Hori izan da Mendebaldeko kapitalismoak II. Mundu Gerrari buruz zabaldu duen bertsioa.
Kapitalismoaren «garaipen zalantzarik gabearekin» batera kontu hori bertsio nagusi bezala ezarri izan bada ere, zalantzak eragiten ditu, erabat faltsua dela ez esatearren. Zalantza horiek azaltzeko, Katyngo sarraskiaren «zalantzarik gabeko» egiletza sobietarretik hasiko naiz, bertatik abiatzen baitira sarritan gudan «sobietarrek erakutsitako gaiztakeriari» buruzko argudioak. Katyn aipatuta, sobietarrek SESBn zeuden preso poloniar guztiak erail zituztela esan ohi da, preso horiek Poloniako Armadaren «ofizialeria osoa» zirela esanaz. «Ofizialeria osoa» horrekin, sobietarren gaiztakeria azpimarratu nahi da, «genozidio planifikatu» bat bailitzan (nazismoa eta komunismoa elkarlotzeko beste amarru bat).
Oso zaila da Poloniako «ofizialeria osoa» SESBn preso egon izana, 1939an, Alemaniaren aurkako guda zela-eta, nazien esku erori baitziren. Bestalde, kontutan hartu behar da 1941ean sobietarrek oraindik preso zituzten militar poloniarrak gudan parte hartzeko askatu zituztela, Wladyslaw Anders jeneralaren pean armada poloniar bat finantzatuz eta antolatuz (Anders jeneralak, antisobietar sutsua izaki, Armada Gorriaren ondoan borrokatzeari uko egin zion eta armada poloniar hori 1942an Irandik mendebalderantz ebakuatu behar izan zuten, alemaniarren aurka borrokatu gabe!).
Egun nagusitutako bertsioa 1943an zabaldu zuten alemaniarrek (Stalingradeko porrota gertatu eta bi egun eskasera!), hilketak 1940an izan zirela esanez. SESBk segituan gezurtatu zuen hori: gehienak alemaniarrek erail zituztela, 1941eko Barbarossa Operazioan Katyneko zonaldea konkistatu ostean, eta SESBk ebakuatu ezin zituen preso poloniarrak, errepideak egiteko kontratatuak izan zirenak, alemaniarrek eurek erail zituztela esan zuen. Garai hartan alemaniarren bertsioa ez zen ontzat eman. Londresen ostatu hartuta Wladyslaw Sikorskik zuzentzen zuen Erbesteko Poloniako Gobernuak, aldiz, ontzat eman zuen. Hori dela-eta, SESBk eta Sikorskiren Gobernuak harremanak hautsi zituzten.
Hara zer idatzi zuen Goebbels buruzagi naziak horren berri izan zuenean: «Erbesteko Poloniako Gobernuaren eta Sobietar Batasuneko Gobernuen arteko harreman-haustea alemaniar politikaren garaipena da, batik bat, nirea pertsonalki». Egun batzuk geroago, maiatzaren 8an: «Zoritxarrez, Katynen munizio alemaniarra aurkitu dute. Komeni da honen inguruan hautsik ez harrotzea, bestela Katynen inguruko kontu hau pikutara joan daiteke». Goebbelsek aireratu eta Sikorskik bere egindako bertsioa, garai hartan ez zuten Sikorskiri ostatu ematen zioten britainiarrek ere sinetsi. Londresek sobietarren egiletzari buruzko salaketak «aliatuen batasuna apurtzeko Goebbelsen azpijokotzat» hartu zituen.
Ia ziurtzat ematen dut sobietarrek zenbait preso poloniar exekutatu izana, batez ere bi estatuen arteko etsaitasuna kontuan hartuta. Baina oso zaila da sobietarrek Katynen aurkitutako pertsona guztiak, milaka, hil izana. Izan ere, gorpu askoren arropetan 1940 baino beranduagoko oharrak, posta-txartelak, fakturak... aurkitu izan dira. Bertako biztanleen testigantza askok, 1940tik 1941eko udara arte poloniar presoak lanean ikusi zituztela esaten dute. Ez da ahaztu behar, 1945eko abuztuaren 8an aliatuek ontzat eman zutela sobietarren bertsioa, eta Nurenbergeko Epaiketan naziak Katyneko sarraskiarengatik epaitu zituztela. Hori zen garaiko «bertsio nagusia».
Orain ezagutzen dugun «bertsio nagusia», aldiz, Guda Hotzean hasi zen «nagusi» egiten, eta Errusiak, oraintsu, kapitalismoaren pean soilik onartu izan du, onarpena «komunismo hiltzailearekiko» bekatu-garbitze moduko zerbait bailitzan. Iritzi aldaketa horrek argi adierazten du Katynen inguruan egiten ari den erabilera politiko antikomunista.
SESBren aurkako arma politikoaren bigarren zatia, 1939an Alemaniarekin elkar ez erasotzeko sinatutako ituna da. Kapitalismoaren apologistei kasu eginez gero, SESBk Alemania naziaren laguntza baliatu zuen eta «anaia totalitarioek» elkar lagundu zuten Polonia «baketsu eta demokratikoa» desagerrarazteko, «demokraziak» nazismoaren aurka segituan gudan sartu ziren bitartean. Mito hau garrantzitsua da oso: Mendebaldearen hipokrisiak garaiko «herrialde demokratikoen» politika antisobietarra ezkutatzen du. Ezaguna da mendebaldarren diplomaziaren helburua Hitler ekialderantz bultzatzea eta SESBren aurka xaxatzea zela. «Europa komunismotik salbatzeko» bide bezala ikusten zuten hori, kolore guztietako kapitalistentzat 1917ko Iraultzan sortutako sozialismoa baitzen garaitu beharreko mamua.
Itun hau erabiltzen da SESB «gudaren abiarazle» eta «Alemaniaren hasierako gaizkide» bezala aurkezteko. Egia esan, Sobietar Batasuna Hitlerrekin halako itun bat sinatu zuen azken potentzia izan zen, eta derrigorrez sinatu behar izan zuenean sinatu zuen. Mendebaldeko potentziek faxistekin 1938an Municheko Ituna sinatu zuten -Txekoslovakia Hitlerri saldu zioten-, eta Sobietar Batasunak isolatuta geratzeko arriskua zuen. SESBk Txekoslovakiarekin zuen aliantza militarra ez zen errespetatu; beraz, SESBren aurkako zeharkako erasoa izan zen. Poloniak berak ere Txekoslovakiaren arpilatzean parte hartu zuen Zaolzie eskualdea bereganatuz. Bestalde, «segurtasun kolektiboan», hau da, bakea ziurtatuko lukeen -eta Hitlerri konkista berriak egitea eragotziko liokeen- Alemaniaren aurkako frontean oinarritutako sobietar politika behin eta berriz mespretxatu zuten Mendebaldeko estatuek. Sobietarrek egindako proposamenei Ingalaterrak, Frantziak zein Poloniak berak egin zieten muzin.
Poloniako Estatua ez zen ez demokratikoa, ez baketsua. Bere burua Pilsudski mariskala zen. Atzerriko politikan bi helburu zituen: mugak ahalik eta gehien zabaldu eta «Polonia Handia» sortzea, eta ondoko nazioetan Gobernu-txorimaloak ezartzea, guztiak «Polonia Handia» horren menpeko federazio baten barruan sar zitezen. 1918an independentzia berreskuratuta, bere mugak handitzeko ondoko herrialde guztiekin borrokan hasi zen; Txekoslovakiarekin, Lituaniarekin (Vilnius 1939. urtera arte Polonia izan zen) zein ukrainarrekin. Baina Poloniaren etsai nagusiak Errusiako Iraultza Sozialista eta honek sortutako Estatua izan ziren. Poloniaren nahia SESBk ordezkatzen zuen nazioen arteko anaitasun sozialista puskatzea zen, Bielorrusia eta Ukraina Miedzymorze federazio horren parte egiteko. Hala, 1919an sobietarren aurkako guda hasi zuen (sobietarrak zurien aurkako Guda Zibilean murgildurik zenbiltzala), eta Bielorrusia eta Ukraina osorik konkistatzerik izan ez bazuten ere, mugak asko handitu zituzten, Mendebaldeko Bielorrusia eta Mendebaldeko Ukraina konkistatuz. Horiek izan ziren SESBk 1939an berreskuratu zituen lurrak, lur bielorrusiar eta ukrainarrak, ez poloniarrak.
Bestalde, Poloniak sekula ez du azaldu guda horretan preso egin eta kontzentrazio eremuetan sartu zituen Armada Gorriko 80.000 soldaduekin zer egin zuen. Zein garrantzia gutxi ematen zaion gertaera horri, Katynekin alderatuta!
Hurrengo urteetan, borrokan ezin eta diplomaziaren bidetik ekingo zion Poloniak SESBren aurka. Polonia espioi kontrairaultzaile errusiarren zentro bilakatu zen. Poloniaren kanpo politikaren doktrina ofiziala SESBko nazio txikietan nazionalismo antisobietarra piztea zen, nazio horiek Estatu sozialista sobietarra desegiteko erabiltzeko eta nazio horiek Poloniaren menpe jartzeko asmoz. Alemaniaren laguntza ere bilatu zuen horretarako. Hala ere, Poloniak SESBko nazioekiko zuen uste hori guztiz faltsua zen. Bere gutxiengoekiko zuen politika aztertuta argi ikusten dugu hori; are gehiago, bere gutxiengo horiek eta SESBko gutxiengoak nazio berekoak zirela kontuan hartzen badugu. Poloniak bere menpeko lituaniarrak, ukrainarrak eta bielorrusiarrak tratatzeko modua, «poloniartzea», oso zanpatzailea izan zen: euren hizkuntzak administrazioan erabiltzea debekatzetik, erlijio ortodoxoa debekatzera, eskolak ixtera edota zenbait lanbide hartzeko debekua ezartzeraino. Eta hori judutarrekiko zuten politika aipatu gabe; Polonian zegoen antisemitismo sozial zein ofizialak, Hitlerrek 1933an boterea hartu arte Polonia Europako estaturik antisemitena izatea eragin zuten. Txekoslovakiako Zaolzie eskualdearen anexioa ahaztu gabe. Beraz, estatu espantsionista, oldarkor eta guztiz antisobietar gisa azaltzen zaigu guda-arteko Polonia, 1926. urtetik Pilsudskik diktadura baten tankeran gobernatzen zuen herrialdea.
Halere, horrek 1939ko ituna eta SESBk Alemaniarekin Polonia erdibana egitea justifikatzen ez duela irudituko zaio irakurleari. Bi gauza: lehena, SESBk ez zion inori inongo lurrik kendu, 1919. urteko gudan Poloniak lapurtutako lurrak berreskuratu zituen, besterik ez. Izan ere, lur horiek ez ziren poloniarrak, ukrainarrak edo bielorrusiarrak baizik. Bigarrena, 1939an Alemaniarekin sinatutako itunean inon ez da ageri Polonia erdibana egiterik. «Eragin zonaldeak» definitu zituzten. Etikaren aurkakoa izan daiteke, baina hori ez da herrialde bat erdibana egitea edo inbasio bat adostea. Hala ere, oraindik zenbait ñabardura daude gaineratzeke, SESBn irudia «gudaren abiarazle» bezala gelditu ez dadin.
Ñabardura horietako bat, lur horiek berreskuratzea garai horretan «inbasio» bezala ikusi ez izana da. Gertaerak kronologikoki ordenatuz, Alemaniak 1939ko irailaren 1ean hasi zuen Poloniaren aurkako erasoa. Frantziak eta Ingalaterrak, horri erantzunez, irailaren 3an Alemaniari guda deklaratu zioten. SESBk irailaren 17an berreskuratu zituen lur horiek, nazien inbasioa baino bi aste eta erdi beranduago (beraz, nekez esan daiteke Polonia «elkarrekin» inbaditu zutenik). Mendebaldeko potentziek, ordea, Polonia erasotzeagatik Alemaniaren aurka egindako guda deklarazioa ez zioten SESBri luzatu. Tartean, irailaren 16an, Poloniako Gobernuak ihes egin zuen Errumaniara. Horrenbestez, Poloniako Estatuak estatu izateari utzi zion. Izan ere, Errumania herrialde neutrala zenez, ezin zuen bere lurraldean «erbesteko gobernurik» aitortu. Testuinguru horretan berreskuratu zituen SESBk lur horiek, Polonian estaturik ez zegoenean. Lur horiek berreskuratzean, etortzeke zegoen gudarako ezinbesteko defentsa prestatzeko lurra eta denbora irabazi zituen; berreskuratu ez balitu, Hitler jabetuko zen lur horietaz, eta SESBren aurkako gudarako posizio ezin hobean egongo zen.
Potentzia bakar batek ere ez zion Alemaniari eginiko guda deklarazioa SESBri luzatu; mundu guztiak Sobietar Batasuna «neutral» moduan hartu zuen, ez «Alemaniaren aliatu» gisa. Nazioen Ligak ez zuen SESBren aurkako zigorrik ezarri, Alemaniaren aurka egin zuen bezala. Edo, alderatzearren, 1939ko neguan, SESBren eta nazien aldeko Finlandiaren arteko guda piztu zenean, SESB aipatu nazioarteko elkartetik bota egin zuten, irailean Poloniako afera gertatutakoan egin ez zutena.
Mito antisobietarren sortzaile diren Mendebaldearen ordezkarien «jarrera ohoragarriaz» zerbait esatea falta zaigu. Ingalaterra eta Frantzia izan ziren Hitler SESBren aurka jarri nahi izan zutenak, eta, horren erakusle, Hitlerrekin hainbat itun egin zituzten. Poloniaren kasuan jarrera berdintsua izan zuten: Alemaniaren aurkako guda deklaratu bazuten ere, ez zuten ezertxo ere egin. Herrialde horiek 1939ko irailean 110 dibisio zituzten Frantzia eta Alemaniaren arteko mugan, naziek 25 besterik ez zituztenean. Nahi izan balute, Alemania orduan garaituko zuketen, baina oraindik Alemaniak SESB erasotzeko itxaropena zuten. Argi zegoen bi herrialde horiek nahi ez zuten gudan ari zirela. 1939an SESBren eta Finlandiaren arteko guda hasi zenean, Ingalaterrak eta Frantziak Alemaniarekin kolaboratu zuten Finlandiari laguntza emateko. Izan ere, bi herrialde «demokratikoek» SESB Nazioen Ligatik botatzearen aldeko botoa eman zuten. Harritzekoa noraino heltzen zen herrialde kapitalisten antikomunismoa: norberaren aurka gudan dagoen beste herrialde batekin elkarlanean, hirugarren herrialde baten aurka aritzea. Historian kasu bakarra izango da! Hain zen barregarria egoera, ezen II. Munduko Gerra izango zenari Frantzian, 1940ko inbasioa gertatu arte, drôle guerre, hau da, txantxetako guda, esaten zioten.
Azkenean, Alemaniak 1941ean inbaditu zuen SESB, eslaviarren aurkako guda gupidagabea planteatuz. Beranduegi Mendebaldearentzat. Guda horretan SESBk 25 milioi herritar inguru galduko zituen, inoiz gogorarazten ez den sarraskia. «Komunismoaren aurkako gudan» galdu zituen Alemaniak bere soldadu gehienak (lautik hiru). Guztira, Armada faxistaren baja militarren %80 sobietarrek eragin zituzten. Hori izan zen II. Mundu Gerraren benetako muina, eta sobietarrena izan zen garaipenaren giltza. Halako aurrekariak kontuan hartuta, hasieratik Alemaniak SESB erasotzea bilatzen zuten mendebaldar kapitalistek orain SESB «Alemaniaren gaizkidetzat» hartzea, ikaragarrizko iraina da.
Para ver el contenido hay que estar registrado.
Registrar o
Entrar